Kaixo guztioi!
Orain gutxi hasitako "La
Competencia Digital en el marco de una Educación Abierta (DIGCOMP & Open
Education)" onlineko ikastaroaren barrruan blog hau sortu dut.
Nor naizen ni?
Hasteko, Alazne Urrutia naiz, 23
urte ditut eta Markina-Xemeinen bizi naiz. Betidanik gustatu izan zaizkit umeak
eta hezkuntzaren mundua eta hori dela eta egin nuen Lehen Hezkuntzako Gradua.
Pertsona irekia naiz, jendearekin egotea gustatzen zait eta gustura aritzen
naiz taldean lanean. Gaur egun ohikoa den bezala, ez dut aukerarik izan
irakasle bezala ikastetxe batean lan egiteko baina ea denbora gutxiren buruan
horretarako aukerarik izaten dudan eta ordurako formatzen jarraitzen dut; beti
baitago zer ikasia. PROAko hezitzaile bezala aritu nintzen ikasturte batez
herriko eskolan eta horixe da irakasle lana gertutik ezagutzeko (graduko
praktikez gain) eta esperientzia polita lortzeko aukera eman zidana.
Nire zaletasunei dagokionez,
igeriketa asko gustatzen zait eta mundu horretan dihardut lanean. Igeriketako
monitore eta sorosle bezala dihardut azken 4 urteotan eta ikastetxeko lanarekin
lotuta ez badago ere, oso gustura nago ume zein nagusiekin lanean. Hobby
batetik lan egiteko aukera izan baitut! Ur munduaz gain, irakurtzea eta
bidaiatzea asko gustatzen zait: leku berriak, kultura desberdinak, jende
desberdina, etab. ezagutu.
Sare sozialei dagokionez,
Facebooka eta Instagrama dira gehien erabiltzen ditudanak. Twittera ere
badaukat baina gehienbat egunkari bezala erabiltzen dut, hortxe azaltzen
baitira albisteak bizkorren. Gainontzean, internet informazio iturri bezala
erabiltzen dut. Blogari dagokionez, ez da hau nire lehenengo bloga,
magisteritza ikasten ari nintzela ere blog bat sortu baikenuen IKTen ikasgairako
baina gero ezabatu egin nuen ez bainuen erabiltzen. Beraz berriz ekin diot
blogen mundu honi, ea oraingoan jarraitzen dudan eta bertan esperientzia
berriak islatzen ditudan!
Ikastaro honetan lanerako
baliabide berriak erabiltzen ikasteko aukera izatea espero dut eta konpetentzia
digitalaren munduan gehiago murgiltzea, hortxe baitago ez oso urrutiko
hezkuntzaren atal handi bat.
Beraz, ekin
diezaiogun lanari!!!